GALARZA SENDIA
Beraz, Oñatira ezkondu zen Basilio. Eta bertan izan
zituen seme-alabak. Haren familia osoa zigortu zuten frankistek
nazionalistatzat salatuz: Jose Maria, semeetako bat, medikua ere, Puerto de
Santa Marian egon zen preso; Edurne ere Donostian; Jon, erreketeek eurekin
batera borrokatzera behartu zuten; Maria Aranzazu ere atxilotua izan zen, eta
ondoren isuna ordaintzera kondenatu zuten … Beraz, gorabehera handiak izan
zituzten gerra garaian eta ondoren.
Edurne Galarza
Baina joan gaitezen Edurneren kasua ezagutzera. Jatorriz
Maria Nieves, baina etxean Edurne, Oñatin jaio zen 1914ko abenduaren 16an. Bera
izan zen zortzi anai arrebetatik laugarrena. 14 urte zituela Donostiara joan zen batxilerra
ikastera eta han bertan ikasi zuen irakasle izateko karrera. 1937ko uztailean
maistra lanak egiten zebilen Zuiako Domaiaka herritxoan (Gorbeia aldea, Araba) atxilotu
eta hasiera batean emakumeen kartzela izateko egokituta zegoen Gasteizko
karmeliten komentura eraman zuten azaroren 4ra arte, eta ondoren berriro Donostiara,
Prim kaleko San Jose asiloan egon baitzen preso ere. Salaketa Oñatiko
poxpolinei –frankisten esanetan herriko haur talde separatista- euskal dantzak
erakusteagatik, eskolan ideologia horren arabera jokatzea eta emakumeen arteko
kidea izateagatik- Emakumeen Abertzale Batzako (EAB) kide ere izan zelako-, bi
urteko espetxe zigorra eman zioten.
Kartzelatik
atera zenean, debekatua zeukan hurrengo bost urteetan euskal probintzietan lana
egitea, eta Segoviako Olmo de Fuentidueña derrigortuta lanean hasi zen, eta sei
bat urte bertan lan egin eta gero, 1946-7rar arte edo, itzuli zen: “ Dicen que
nos mandan una maestra comunista y que para
disimular se trae su misal y su
reclinatorio y encima anda en
bicicleta“ zioten bertakoek. Egindakoagatik aske, Gipuzkoara itzuli zen, eta Arroa
Goian hasi zen maistra lanetan. Gudari
izandako Jabier Ormazabal Beristainekin ezkondu zen Zumarragan 1950ean, eta
bost seme alaba izan zituzten –Arantxa, Miren, Iñaki, Xabier y Basili- denak
Zumarragan jaioak. Esan, Loiola batailoian ere parte hartu zuela gudari gisa
Jabierrek, eta atxilotu ondoren han eta hemen behartuta ibili zela Espainian
zehar Lan Batailoitan ere.
Esan bezala, Antzuolara etorri ziren bizi izatera eta
Josefina Valiente emakume nafarra izan zuten alboan etxeko lanak eta egiten.
Josefina bera Arroa Behean lan egiten zuen maisuaren arreba zen, eta 27
urterekin etorri zen Edurneri laguntzera, eta 66 urte pasa eta gero Galartza
familiaren zati bat izaten jarraitzen du, izan ere oraindik bizi da Oñatin.
Edurnek
bazuen Antzuolan Damian osaba, mutil zaharra zena, eta bakarrik bizi zena.
Berak parte hartzen zuen “Galarza Hnos eta Arbulu” izeneko larru ontzeko lantokian, eta urteak
eta bakarrik bizi zenez lobetako bat Antzuolara berarekin bizitzera etortzeko
gonbidatu zituen. Hau 1958 zen.
Orduan
herriko maistra plaza bat libre geratu zen, eta Damian osabak Edurneri
proposatu zion berak hartzea eta bere gizonari larru ontze lantokian lan
egitea, hala nahi izanez gero. Izan ere larrua ontzea oso lan gogorra zen,
batez ere neguan, ura eta izozten zenean eta larrua sikatzen lagatzen zenean
aire korriente handiak sortzen zirelako lantokian. Froga barik eskaintza onartu
zuten eta Antzuolara etorri ziren. Esan, zestogilea zela Jabier eta tailer
txiki bat zeukala bere anaiekin batera Zumarragan.
Hala,
1958tik 1979raino, 65 urterekin jubilatu arte, Antzuolan lan egin zuen maistra
gisa Edurnek. Lau maisu-maistra zeuden une hartan herrian, bi mutilentzat eta
beste bi neskentzat. Edurne neska txikienekin lan egiten zuen, 6 eta 10 urte
bitartekoekin, eta Mari, beste maistrak, 11 urtetik 14 urtera bitartean.
Hasiera artean gela berean elkar zitezkeen 70 bat ume; txikienei irakurtzen eta
idazten erakusten; ondorengoei matematikaren oinarrizko eragiketak eta, helduei,
batxilerrean-edo sartzeko diktatuak eta erro karratuak erakusten.
Nesken
kasuan, norbaitek ikasteko balio baldin bazuen ikasteko gurasoei jakinarazten
zien ikasten jarraitzeko alabak. Izan ere normalena zen 14 urterekin Antzuolan eraiki
berri zen “Hilaturas de Vergara”n lanean hastea.
Antzuolan gainera, euskaraz alfabetatzeko gau eskolak ere eman zituen 70ko hamarkadan. Aldi berean, Antzuolako “Haur-ezi” ikastolaren sorreran ere aritu zen.
Antzuolan gainera, euskaraz alfabetatzeko gau eskolak ere eman zituen 70ko hamarkadan. Aldi berean, Antzuolako “Haur-ezi” ikastolaren sorreran ere aritu zen.
Asko izango dira Antzuolan gogoratuko direnak hauteskunde garaian nola joaten zen baserri-baserri boto eske. Azkenengo momentu-arte jarraitu zuen (85 urterekin Alzheimerra diagnostikatu zioten) GBBko bileretara joaten. Hala, Euzkadiko Buru Batzarrak bere lana eskertuz, 1998ko Alderdi Egunean ikurrina jasotzeko ohorea eskaini zion.
Jaun hartzea Antzuolako parrokian (1966/05/19)
Baina Edurne eliztarra ere bazen, sinesmen handiko emakumea, eta herriko parrokian parte hartu zuen zeregin askotan, batez ere, baina, katekesi lanetan, eta ia-ia gaixotu zen arte. Jaunartzea zela eta, makina bat ume pasatu zen bere katekesitik. Gainera, garai hartan Antzuolara etorri ziren etorkinentzat jaunartzerako arropak lortzen ere saiatu zen han eta hemen.
Aldi berean sentsibilitate berezia izan zuen norbait preso zeukaten familiekin, eta diruz laguntzen saiatu zen. Zer esanik ez arrazoi politikoak tartean hiltzen ziren pertsonengatik, batez ere Antzuolan hil zirenekin.
Esan beharrik ere ez dago, beraz, Antzuolako ume askoren maistra eta katekista izan zela erretiroa hartu arte gure protagonista: Edurne.
2006ko uztailaren 26an hil zen, 91 urte zituela.
Aurten, berriz, 2016ko apirilaren 22an, eta Gerra Zibilean bailaran jasandakoak gogoan hartuta, omenaldia egin zioten Oñatiko Batzokian. Baina ez bakarra. Aldi berean, Elgetan, apirilaren 24ean ospatu zen Intxortako erresistentziaren egunean, omenaldi ukigarria ere egin ziotelako.
Oroitzapen historikoa gogoratzen ari garen honetan, beharrezkoa genuen bai Edurneren baina baita Gerra Zibileko nahiz osteko gainontzeko senideen bizipenak ere berreskuratzea.

2016/04/22 (Argazkia, Juan Bautista)
Elgetan egindako omenaldian, berriz:
Iturriak
- Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historika.
- Gogoratu guran taldea (2011). Gerrako garrak Oñatin. Intxorta 1937 kultur elkartea.
- Ormazabal-Galartza sendia. Eskerrik asko Basilio Ormazabal Galarzari emandako informazio guztiagatik.