2017/12/02

ALARDEA: BURUZAGIAK ESKUA EMATEN MAIRUARI (1976)


La Voz de España, 29 de agosto de 1976

1975eko azaroaren 20an  hil zen Franko diktadorea. Berarekin 40 urteko diktadura bat, teorian. Praktikan beste zerbait gertatu bazen ere, hainbat aldaketa eman ziren maila guztietan, politiko, sozio-ekonomiko eta kulturalean, bereziki.

Egoera horren isla izan zen, adibidez, Antzuolan urtero ospatzen zen Alardea. Bera, gainera,  herriko gazte askok errejimenari uko egiteko ere erabili zuen azken urtetan, bertan parte ez hartuz, kontuan badugu, esan bezala, une hartako zapalkuntza garaia.

1976a, beraz, berezia zen, Alardean ere aldaketak espero zirelako. Eta Alardeko kapitaina zen Jose Luis Kortabarriak ez zuen huts egin! Oso mingarria iruditu zitzaion betidanik mairuak bere durbantea botatzea eta zapaltzea urtero. Zer egin eta, ohitura hori alde batera laga eta mairuari eskua ematea erabaki zuen, herri bien arteko elkartasuna eta anaitasuna honela adierazi nahian. Ez pentsa denei gustatu zitzaienik ohitura aldaketa hori, herritarren artean bazeudelako ohiturak errespetatu behar zirela esaten zutenak, eta berez durbantea zapaltzen jarraitu behar zuela mairuak.

Baina Jose Luisek ondo zekien ohiturak aldatzen eta egokitzen jakin behar direla, testuinguruak hala eskatuta. Beraz, historikoa izan zen 1976ko abuztuaren 26an ospatutako Alardea. Alardea egiten zenetik lehenengo aldia baitzen buruzagiak mairuari eskua ematen ziola! 


Iturria:
  • Jose Luis Kortabarria (eskerrik asko!).
  • La Voz de España hemeroteka (1976/08/29).

No hay comentarios:

Publicar un comentario