2018/01/13

ANTZUOLAKO OGIXA (I)



Martin Zabaleta, ogi egilea, 1985ean.

Antzuolan betidanik ezagutu dugu bertan egindako ogia, nahiz eta azken urteetatik hona "MARTIN" den okindegia izan, neurri batean, era artesanalean ogia bakarrik egiten dena. 

Garai batean, ostera, Antiguan edota Errotaberrin ere egiten zen. Baina  baserrietan ere ohikoa zen astean behingo ogia etxerako egitea, edota bide batez kalean ere saltzeko (Iraeta baserrian, adibidez).

Une honetan dakargu, era sinboliko batean,  Martin Zabaletak bere okindegian egiten zuen ogiaren prozesua. Aspaldiko dokumentua da, 1985ean egindako lan batean oinarritzen delako. Gezurra dirudi baina 33 urte pasatu dira eta atzo egindako kontua dela ematen du.


 MARTINek LABETIK OGIA ATERATZEN

Martin ez zen betidanik ogigilea izan, baina badakigu Errotaberrin ikasi zuela ofizioa. Berehala laga zuena, 1950ean gaur bere izena daraman okindegiaren jabea zen Bastarriñako Patxi Irizarri erosi omen ziolako bere okindegia, une hartako 75.000 pezeta ordaindu eta gero.

 Astoak. Bertan garraiatzen zen egurra ondoren labean botatzeko.
Eta nola moldatzen zen ogia egiteko? 

Hasteko, egurra (pago egurra) erabiltzen zen erregai bezala labea berotzeko. Horrek eskatzen zuen neurri batean moztu eta astoarekin, egur biltegira ekartzea. Ondo lehortuta sartzen zen labea pizteko kamaran egurra.









Une hartan, baina, egurra erabili ordez gasa erabiltzen hasi zen han eta hemengo okindegien labeetan, baina Martinek eutsi egin zion betikoari, egurrari, eta halaxe jarraitu zuen, nahiz eta gaurko okindegi berrian gasoila erabili labea pizteko.


OGIA EGITEKO MASA PREST

Aurretik, baina, ogia egiteko masa prestatu behar izaten zen. Martin goizeko 6retan hasten zen ogi masa egiten, eta berau arrotzen zen bitartean, labea pizten zuen, 200 bat gradu lortu arte.
Antiguako ogi-egilea

Argazkietan ikusten dugun labea, baina, berria zen une hartarako, aurrekoa fijoa zelako. 1957an ekarri omen zuen orain argazkietan ikusten dena, Sabadelletik hain zuzen ere. Izan ere, 1955ean argindarra sartu zuen prozesuan.

Orduko labearen ganga edo gaina Ormaiztegiko adreiluaz eginda eta 250 ogi ale batera egiteko gai zen.

Azken urteetan makina bat laguntzaile ian zuen Martinek, herriko mutil batzuk pasatu zirelako ofizioa ikastera. Baina erretiroa hartzeko garaia ailegatu zitzaionean, bere lobek (Luismarik eta Balentinek) hartu zuten lekukoa.

Ondoren etorri ziren gaur egun ikusten ditugun aldaketak, nahiz eta jatorrizko okidengiaren zatia, garai batean Ostatua izeneko etxearen ikuilua izan zena, bere horretan jarraitu.














1985eko argazkiak

Ogia labetik atera berri, banastan, eta ogia labetik sartu eta ateratzeko, nahiz labea pizteko palatxoa ikus daitezke ezker aldeko argazki honetan.

Harrez gero urte batzuk pasatu dira, eta gaur garaiko okindegi bat ikusten dugu: fermentatzeko makina, gasoilez dabilen labea ... mekanizatua eta dena txukun! Hori bai, goizeko lauretan jaiki behar izaten dira Luismari eta Balentin anaiak egunerokoari ekiteko.




Hirina, behar beharrezkoa den lehengaia, Errioxa eta Iruña aldetik ekarritakoa, toki freskoan, aireatuan eta lehorrean mantendu behar izaten da.

Eta eguneroko ogitik aparte, ausartak era badira anaia biak, eta, aurten, artoarekin egindako ogia ere egiten hasi dira. Momentuz, ale gutxi batzuk, ea jendeari gustatzen zaion!

Saldu ez diren ogiekin, berriz, ogi birrindua egiten dute, eta salgai jarri. Saldu gabeko gainontzeko ogia, berriz, hutsaren truke saltzen dute, batez ere animaliei-eta emateko erabiltzen dena.

Iturriak:
  • Luismari eta Balentin Zubikarai anaiak. Eskerrik asko!
  • Irinmodo, 4, 1992. Jose Luis Lizarraldek idatzitako artikulua ere. Eskerrik asko.
  • Antzuolako Artxibo Historikoa.


No hay comentarios:

Publicar un comentario