2018/02/10

PELLO ERROTA ETA "BERTSO BERRIAK KOLERA ETA TXANPANEN GAÑIAN JARRITA"

PelloErrota.jpg Pedro Jose Elizegi (Pello "Errota")

Blog honen beste atal batean txertatu genituen Pello Errotak idatzitako bertso hauek: (http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/11/kolera-izurritea-antzuolan.html).

Hala ere, gehiago sakontzea iruditu zaigu beren esanahian.  Egia esanda, banan-banan joanez gero (guztira 28 bertso dira), perla ederrak irakurtzeko aukera dago.
Hasteko, baina, nor zen Pello "Errota"?

Pedro Jose Elizegi Maiz (Asteasu, 1840ko abenduaren 23a - Asteasu, 1919ko otsailaren 3a, Pello Errota ezizenez, euskal bertsolaria izan zen. Bizibidez errotaria bazen ere, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietakoa izan zen. Umoretsua eta plaza bertsolari bikaina izan zen, Euskal Herriak eman duen bertsolari on eta jorienetarikoa. 1895. urtean Argentinara joan zen, hara joandako euskaldunen aurrean kantatzera.
http://meta.gipuzkoakultura.net/bitstream/10690/79306/1/OA_003557.jpg

Mikaela Elizegik bere alabak Antonio Zavalari aitaren bizitzaren gorabeherak kontatu zizkion, eta Zabalak, elkarrizketa haiek grabaturik, Mikaelaren kontakizunak hitzez hitz idatziz jarri eta liburu batean argitaratu zituen: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua.

Eta zer dela eta Antzuolari eskainitako "kolera eta txanpanen gañian jarritako" bertso berria hauek?

Herri barruko herritarren artean desafio asko egon dira betidanik, eta noizbehinka norgehiagoko horiek neurtu egiten ziren urteko hainbat momentutan, nor irabazle eta nor galtzaile neurrigailuak erabiliz. Beraz, besteekin neurtzea oso ohikoa zen (eta da). Gauza bera gertatzen da herrien arteko norgehiagoetan, hots, gu eta beste lehia horretan. Konturatzen gara baliagarriak izaten zirela (eta direla) komunitate loturak indartzeko. Honen ondorioz datoz komunitateen arteko apustu jokoak, besteak beste, garai batean batez ere ugariak izaten zirenak, eta aproposak herriaren identifikazioa sustatzeko.

Honen baitan ulertu behar da, beraz, 1883an Pello Errotak osatutako bertso hauek. Alegia, Antzuola eta Bergara herrien arteko gorabeherak jasotzen ditu bertan. Herrien arteko gaizki ulertu eta esamesak jasotzen dira.

Dirudienez, bergarar zenbaitek Antzuolan eta Uberan kolera izan eta persona ugari hil zirela zabaldu omen zuten. Hau kontrajarriz-edo, Pello Errotak antzuolatarren erantzuna jasoko du eta hauek Bergaraz duten irudia zabaltzen saiatuko da: kolera dela eta Bergaran zer egin dutela esan duten eta hori gezurtatzen saiatuko da bertsolaria.

Adibidez, 10-11. bertsoak:

“Ez sartzeagatikan/Bergaran kolera,/txanpanak bota omen/dituzte kalera,/erregatu ere bai/gora ta bera;/ori ezin sinistu/zentzuak bagera.

Zenbaten mingañian/gauza aundiak dauzka,/jenero ona sortzen/izugarri gaitz da;/paperetan gezurra/jarritzen errez da,/kalera ezin bota,/erateko ez ta”. 

Alegia, bergaratarrek hitzez aldarrikatzen duten aberastasunaren kontra egingo du bertsolariak. Ez dute xanpainik, ez txipiroi eta angularik, eta porrusalda janez moldatzen direla.

Aldi berean badago pasartetxo berezi bat, non Bergaratik Beasainako bidea egitea nahi zuen globo baten berri ere ematen digulako. Dirudienez, esperimentu hura ondo atera ez eta, bergararren kontra egiteko aprobetxatuko du Pellok (16-17. bertsoak):

"Bergaratik globo bat/bota Beasaña,/egiteko asmotan/sekulako azaña;/atzaie fortunatu/entero bikaña,/Antzuolan gelditu,/bizkorra uste baña".

Eta hurrengo bertsoan:

"Globo horrek eskasak/zituen indarrak,/nunbait eman dizkate/alimentu txarrak;/ikusgarriak dira/jendiaren farrak,/oso kontentu dira/antzuolarrak".

Pello ere jakitun zen hitzak haizeak zeramatzala, eta horregatik hobe zela esanak idatziz jasotzea, eta bertso paper hau erostera gonbidatzen du jendea (28. bertsoa, bere jatorrizko idazkera errespetatuz):

"Paperetan eguiac/ipintzia obe,/orrec baliocodu/orain da gerora;/nun nai canta litesque/cuidadoric gabe,/naidoenac erosi/champonian daude".





   ITURRIAK: 

  • http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10264.pdf.
  • Luzia Alberroren doktore tesia. Baita ondoren egile berak 2017an kaleratutako "Bertsolarien ahoz" izeneko liburuan ere.
  • LA VOZ DE ESPAÑA (1976/08/22). 
  • Argazkia: Gipuzkoako Artxibo Orokorra. Indalencio Ojanguren bilduma. Esteka: http://meta.gipuzkoakultura.net/handle/10690/81146.














No hay comentarios:

Publicar un comentario