2018/03/24

"EXVOTO" edo ESKAINTZAK

Badaude elizetan, ermitetan agian jende askorentzat ezezagunak diren bitxikeri batzuk. Euretako bat  "exvoto"-ak edota eskaintzak dira. Egia esanda ez dago erderazko "exvoto" itzultzen duen euskarazko hitzik, baina ezin esan gure elizetan arraroak direnik. Ugariak dira han eta hemen egiten diren eskaintzak edo "exvoto"ak, besteak beste aldez aurretik egindako botoa edo eskaera betetzen bada.

Adibidez, santutegietara-eta joan besterik ez dago ikusteko sarritan nola han eta hemen egoten diren zabalduta estanpa, arrosario edo beste objektu batzuk, eskaera egin duenak eskaitza eta oroigarri gisa bertan lagatakoak.

Antzuolako parrokian ere badugu horrelako bat, garai batean, baina, Uzarragako parrokian egon zena. Balio handikoa ere badena, kontuan badugu XVII. mendean eginiko margoa dela.Honatx:



Antzematen den bezala, ume bat dakusagu margoan, otoi eginez. Goian, eskuma aldean,berriz, erregutu zitzaion Jaungoikoaren bildotsa dago. Behean, berriz, testu hau idatzita:

"DIEGO ANTONIO DE LARREA, HIJO DE JUAN DE LARREA Y DE FRANCISCA DE EGUIA, DESPUES DE GASTAR MUCHOS DIAS CON MEDICOS Y CIRUXANOS BUSCANDO REMEDIO A UNA LLAGA YNCURABLE, VINO A LA PAROQUIA DE SAN JUAN DE USÇARAGA AÇER NOBENA Y AL QUINTO DIAS YA ESTABA SANO",


 Diego Antonio Larrea Eguialuce

Aurrez aurre dugu, bada, Diego Antonio Larrea, 1656an Bergaran jaio zena, eta urte bereko azaroaren 11n bataiatu zutena Bergarako San Pedro parrokian. Gurasoak Juan Martinez Larrea eta Francisca Martinez Eguialuce ziren. Beraz, ez ziren antzuolarrak. 

XVII. mendearen 60-70. hamarkadako Diegoren erretratua da ikusten duguna gaur Errukizko Amaren sakristian. Ez dakigu norena den margoa, baina zehaztasunez egindakoa dela bai, ikusi besterik ez dago haurraren aurpegia eta arroparen apaingarriak.


Jaungoikoaren bildotsa.

Badakigu noiz hil zen Diego: 1693ko apirilaren 21ean. Beraz, badirudi gainditu zuela aipatzen den gaixotasuna, eta ondoren, beste zerbaitekin-edo, hil zela. Hori bai, gazte, 37 urte bete behar zituela.

Beraz, XVII. mendeko margo hau ikusi nahi izanez gero, parrokiaren sakristian duzue, zain.



Iturriak:
  • Donostiako Elizbarrutiko Artxiboa
  • Herriko parrokia


No hay comentarios:

Publicar un comentario