2018/03/30

ZUHAITZ, BASO ETA IKATZ TOKIEN ARTEKO IBILBIDEA


MENDI IBILBIDE BATEN KRONIKA: HERRIKO ZUHAITZAK, BASOAK, IKATZ-TOKIAK ETA BESTE ALDERDI BATZUK EZAGUTZEN, ETA BIDE BATEZ HERRIKO TOPONIMIA BERRESKURATZEN

(Antzuola-Irigain-Urkillu-Arrandariak (Ozaeta eta Torre)-Pagandi-Lizargarate-Koroso-Argileku-Iraikorta-Ojarrola-Antxintxardi-Antzuola)

Ibilbidea Olaranen hasiko dugu, Sagasti auzoan, eta Irigainera (Irain) joango gara. Bertako bidea jarraituz, eta Loieta nahiz Altzeta baserrietara hartzen den bidegurutzetik pasatuz, Urkillura edo garai bateko Kargalekura iritsiko gara. Hemendik, Korosora doan Oñatiko bidea ezkerra aldean lagata, Arrandariozaeta eta Arrandaritorrera doana hartuko dugu.
 
Arrandariozaeta baserrian

Hala, herritik lau kilometrotara, Arrandariozaetarekin bat egingo dugu, eta ondoren, iturri ederra pasatu eta gero, Arrandaritorrera iritsiko gara. Bertan dagoen iturri berria ikusiko dugu, eta garai bateko soroetako horma zaharrak alboan dauzkagula, Agiña (Hagina) errekara joango gara. Bertatik hasiko dugu Koroso aldera igotzen.

Berehala, baina, inguruan dauden ikatz tokiak eta haginak ikusteko geldituko gara. Tamaina ezberdinetako haginak, hain zuzen. Gorago, eguraldi euritsua denez, Lizargarate iturritik datorren errekatxoa ere urez gainezka ikusteko aukera izango dugu.
   Hagina

Hemendik gora, Pagaundira iritsiko gara, udalerriak daukan pagadi handi eta ederrenetakora. Bertan, adin desberdinetako, egoera anitzeko lepatutako pago motzak ikusteko aukera dago, asko eta asko garai batean ikatzetarako erabiliak, baina gaur lerden batzuk bezain gaizo besteok.


Lizargarateko iturria

Pagadia Lizargarate aldera, behetik gora zeharkatuko dugu, eta bertako iturria bisitatzeko ere erabiliko dugu. Ur asko dario Lizargarateko iturriari, bere ur aska gainezka dago. Ura edan ondoren, Lizargarate baserrira igoko dugu, Antzuola eta Oñatiko mugarrien artean Korosora doan bidea hartuz. 

Korosotik Argileku txaboletara (1929) joko dugu. Ez aspaldi arte bertan ematen zion urte berriari hasiera Arrola mendi elkarteak.

Ez dugu Arrola aldera joko, baizik eta Iraikortako bidea hartuko dugu, garai batean Eltxikorta baserriko Josepak (eta bere astoak) Zumarraga eta Urretxuko merkatura joateko hartzen zuen bide bera. Iraikortako txabolak ere erdi zutik ikusten ditugu bidean.

Iraikortan jausi zen hegazkin mota.

Hegal honetan ere jausi omen zen 1921eko maiatzaren 19an Andrew Haig Forson britainarrak zeraman hegazkina. Bertan hil zen. Lasartetik omen zetorren, Madrilera joan asmoz. Behe laino handia omen zegoen orduan. Hainbestekoa izan zen hegazkinak lurra jo zuenean danbadakoa, inguruan lanean zabiltzaten ikazgileak azkar joan zirela bertara. Ordurako hilda zegoen Andrew. Derio inguruan dagoen Bretainia Handiko kanposantuan hilobiratu zuten.

Pagandin, lepatutako pagoak ikusten.
 
Oso inguru harritsua da inguru hau, baita aurretik aipatutako lur sailak ere, eta herriko hainbat obretako, herriko parrokia edo frontoia bera eraikitzeko ere erabili ziren hemengo harriak.

 
Igazgileak Arrolan

Iraikortatik (Irikorta) Ojarrolan sartuk gara, eta goitik beherako bidean, berez sortutako izeiak (batzuk 50/60 bat metro dauzkatenak) ikus daitezke, baita tartean berez hazitako pinu gorri ale batzuk ere. Izeiak daukan egurra oso ona omen zen garai hartako itsasontzien mastak-eta egiteko, zuzen-zuzen hazi eta egur gogorra omen dauka eta. 

Ojarrolan herriko ikatz-gune ugariak ikus daitezke. Lur sail honetan bilduko da udalerriko ikatz toki zabalena. Oraindik ere posible da garai hartan egindako ikatza ere biltzea!

Ikatza Ojarrolan

Beherantz pista jarraituz, Antxintxardi aldera iritsiko gara, gaur txabola bat dagoen ingurura; edota baita goitik behera datorren Antxintxardi errekarekin bat egin arte.  

Urkillu aldera goaz, beherantz, baina tartean garai batean Mendibilen zegoen Olarango ur putzura ura zeraman kanalarekin bat egingo dugu, gaur ia desagertuta dagoena. Esan, urtegitxo hartatik ura Antigua auzoan zegoen Olaran lantokiaren indarretxera joaten zela, ondoren uraren bitartez lantokirako argindarra ateraz.

Urkillutik, berriz, Iragain errekarekin batera Antiguara jaitsiko gara.

Lau ordu eta erdiko, eta 12 bat kilometroko ibilbide ederra, lasaia eta ezezaguna egin dugu, eta gorputzaren ariketa fisikoarekin jasotako herri jakintzarekin batera gustura goaz … nahiz eta ia ibilbide osoan atertu ez! 


 ARROLA MENDIZALE TALDEA `ARGILEKUN´, 2018ko MARTXOAREN 25ean

No hay comentarios:

Publicar un comentario